XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Angulak ilberrian, perretxikoak ilbetean Ilargiari erreparatzen ikasi gure arbasoengandik.

Ilargiaren gora-beherek landareetan, zuhaitzetan, itsasoan, gure baitan duten eragina lehen ere aipatua dugu orrialde honetan.

Horiez gain, gure nekazariek eta arrantzaleek beste zenbaitetarako ere erreparatzen diote ilargiari, halanola, sagardoa eta txakolina botilatzeko, txerria hiltzeko, perretxikoak biltzeko, angula harrapatzeko, ilea mozteko... nahiz eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, alor honetan ere denok ados jartzea nekeza izan.

Oraindik orain, erdal aldizkari batean irakurriak ditut lerro hauek: Zure ilea arinago haz dadin nahi baduzu, hilean behin moztu behar dituzu ile muturrak, ilbetean.

Ilea sendotu eta eror ez dadin nahi baduzu, ilberrian moztu.

Eta mehegia aurkitzen baduzu, ilgora duzu ilea mozteko sasoirik egokiena.

Gurean, D. Resurrección María de Azkuek jasotako testigantzei kasu eginez, ohiturak, lekuan lekuko zenbait aldakuntzaz, ildo nagusi batetik etorri dira.

Ilbetean moztutako ilea azkartu eta ugariagotu egiten da. (Baxe Nafarroan jasotakoa).

Bizkaitik datorkigu beste hau: Ilbetean moztu behar da ulea, zuritu ez daitean.

Gipuzkoa aldean berriz, ilbehera nahiago izan dute eginkizun honetarako, nonbait, umeari dagokionean behintzat.

Halere Goierrikoak ez datoz inorekin ados.

Ordizian esaten omen dute, ilberrian egin behar direla ilea moztu eta zuhaitzak iñausi.

Asto nahiz ardiari ilea mozteko ere Gipuzkoa aldean ilbehera izan omen da egokien, Azkuek dioskunez.

Gaurregun ere ohitura berak jarraitzen du artzaien artean.

Aizarnazabalgo Manuel Gorriti, artzai gazteak ez ditu hogeitamar urte izango oraindik eta aurrekoengandik ikasita, beti ilbeheran egiten du lan hori.

Berak dioenez, ilbeheran moztutako ilea zuriagoa eta ederragoa hazten da eta jaiotzen dena sendoago etortzen da.

D. Jose Migel Barandiaranek gauza bitxiak jaso ditu alor honetan.

Leku batzutan ostiralez mozten omen diete ilea ardiei.

Izan ere, Ilea ostiraletan ebakiz gero, ederrago eta ugariago hazitzen baita.

Eta martxoan baldin bada, hobe.

Gizasemeontzat ere aholku guztiz zehatz eta praktiko hau Barandiaranek jasoa dugu: